XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jabe soilak ez baditu dibidendu pasiboak ordaintzen hori egiteko epea bete baino bost egun aurretik, gozamendunak ordain ditzake dibidendu horiek.

Zernahi gisaz, gozamendunak ordainduz gero, jabe soilaren aurka errepetitu ahal izango du, gozamena azkentzen denean (69.2. art.).

296. Akzioen gaineko bahia eta enbargoa. -Akzioaren gain eratutako bahiaren bidez, akziodunak akzioaren edukitza galtzen badu ere, berori izango da bazkide eskubideen titularra.

Legearen 72.1. artikuluaren arabera, akzioen gaineko bahia eratzen denean, akzio horien jabeak egikarituko ditu akziodunari dagozkion eskubideak, estatutuek kontrakorik ezartzen ez badute behinik behin.

Gozamenaren kasuan azaldu dugun moduan, estatutuen bidez egokitzat jotzen diren eskubideak eman ahal zaizkio hartzekodun pignoratizioari.

Zuzenbide erkidearen arauei helduz, akzioen gaineko bahia eratzeko, akzio horien edukitza eman behar zaio hartzekodun pignoratizioari edota gainontzeko bati (KZren 1863. art.).

Alderdien arteko harremanei dagokienez, akzioen edukitza ematea nahikoa da betebehar nagusia beteko dela bermatzeko.

Orobat, bahiak gainontzekoaren kontra ondoreak sor ditzan, agerkai publikoan agertarazi behar da bahiaren egiazko data (KZren 1865 art.).

Merkataritzan, akzioen gaineko bahia agente elkargokideak baimendutako polizan edo eskritura publikoan eratzen da gehienetan.

Akzioak izendunak direnean, horien gaineko bahia endosu bidez egin daiteke, endosu horri berme balioa edota horien antzeko beste klausula bat erantsiz; modu berean, akzio izendunen liburu-erregistroan idaztohartu behar da bahia (57. art.).

Akzioen gaineko bahia eratzen denean, sozietatea gainontzeko gisa hartzen da.

Hori kontuan izanik, estatutuek bazkidearen eskubideen bat ematen badiote hartzekodun pignoratizioari, sozietateak ondokoa eska dezake, eramailearentzako akzioak direnean: akzioen edukitza duenak bahiaren eratze data egiaztatzea agerkai publikoaren bidez, horrek legebideztaketa izan dezan.

Bahia akzio izendunen gainekoa denean, aldiz, akzio horien liburu-erregistroan agertzen da zein den legebideztaketa hori duen pertsona.

Dakigunez, akzio izendunen gain eratutako eskubide errealak liburu horretan idaztohartu behar dira (57. artikulua).

Akzioen gaineko bahia eratu eta horien edukitza hartzekodunari edota gainontzeko bati ematen zaionean, zordun pignoratizioak eragozpenak izan ditzake bere eskubideak egikaritzeko.

Zailtasun hori konpontzeko, hauxe ezartzen du legeak: Hartzekodun pignoratizioak eskubide horiek egikaritzeko bidea erraztu behar dio zordun pignoratizioari; horretara, hartzekodun horrek akzioak aurkeztuko ditu sozietatean, hori beharrezkoa denean eskubide horiek egikaritzeko (72.1. art.).